Platako itsasargiaren ibilbidea

Pare bat ordutan Donostiako Gros auzotik Pasaiako kostalderako mendia oinez zeharkatzeko aukera ematen duen ibilbide ederra. Donostiako erdiguneko kale eta Pasaiako portutik pauso batera egonda, itsasalderako paisaiaz gozatu daitekeen leku zoragarria da Uliako mendia.

Zurriola hondartzaren mutur batean ekingo diogu ibilbideari, Kursaal Rafael Moneok diseinatutako jauregia dagoen aldean ez, bestean. Handik Zemoriya kalera, Larramendi gasolindegiaren atzeko aldera, joango gara, Uliara igotzen hasteko. Ziurrenik, Ulia da hiriburuko mendietan ezezagunena; marka zuri-gorriei jarraituta, ordea, erraz topatuko dugu bidea.

Hamar minutura, malda gogor bat igo ondoren, hiriko ikuspegi bikaina eskaintzen digun leku batera helduko gara. Han, ezkerraldean, bihurgune itxi batek Monpaseko gailurreraino jaisten den pinudira eramango gaitu. Monpasen, gotorleku baten aurriak eta kaioek babesleku bezala erabiltzen dituzten labar malkartsuek marrazten dute paisaia. Eremu ilun bat zeharkatzen duen bidetik aurrera eginez, Kutrailako iturrira helduko gara. Iturria hortentsiaz inguratuta dago, eta, antzina, hango urak gaixotasunak sendatzen zituela uste zuten askok.

Ondoren, ezkerraldeko bidetik itsasorantz jaitsiko gara, haitz ikaragarri batzuen artetik. Bidearen amaieran, hormigoizko pista dago, eta, metro batzuk beherago, bihurgune baten hasten den mendiko bidea hartuko dugu. Baso itxia zeharkatzen du bideak, eta, amaieran, Murgita kala ikusten da beheko aldean. Bi akueduktu zaharren ondotik igaroko gara, eta, bien artean, “ingelesaren” iturriarekin topo egingo dugu.

Halako batean, almenadun eraikuntza zuria, ipuinetan agertzen diren gazteluen modukoa, ikusiko dugu urrutian. Platako itsasargia kaioz inguratuta egoten da gehienetan, eta Pasaiako badian sartzeko bokalearen gainean dago. Dirudienez, labarra osatzen duten hareharriek dirdira egiten dute itsasoko urarekin bustitzen direnean, eta, hala, zilar kolorekoa dirudite. Horregatik jarri zioten marinelek izen hori itsasargiari.

Pasaiako sarreraren albotik doan mendiko bideari jarraituta, Pasai San Pedrora jaitsiko gara. Handik, Pasai Donibanera, Pasaiako barrutietan ederrenera, joateko txalupa hartuko dugu. Lau etxebizitzaren azpitik, kale nagusi batek zeharkatzen du Victor Hugo Frantziako idazlea liluratu zuen herrixka. Arrantzaleen etxeak ikusteaz gain, bertako jatetxeetan arrain bikaina jateko aukera paregabea izango dugu.