2020ko ekainaren 12an, «XIX. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» lehiaketaren sari banaketa ospatuko da Donostiako Foru Aldundian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak antolatuta, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen lankidetzaz. 2019an bezala, aurten ere urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak banatuko dira. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 8an amaituko da.

Jarraian, XIX. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak arau­tzen duten oinarriak zehazten ditugu:

Xedea:

Lehiaketaren helburua da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako kalitate hobereneko sagardoa ekoizten duen sagardotegia baloratzea, sustatzea eta saritzea, bai ikuspegi analitikotik bai organoleptikotik aztertuta, produktu honen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko neurri bat baita.

Horrela, helburutzat hartuta, alde batetik, euskal sagardo naturala sustatzea, hedatzea, eta, azken finean, haren ezagutza eta merkaturatzea hobetzea; bestetik, ekoizleak adoretzea Gipuzkoako sagardoak merkatuan dituen irudia eta kokapena hobetzeko; eta azkenik, kontsumitzaileen artean haren ezaugarrien ezagutza eta balorazioa sustatzea; eta Euskal Sagardoari bultzada eta laguntza emateko neurri instituzional gisa, «XIX. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» izeneko deialdia egiten da.

Antolaketa:

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen eta babesten du lehiaketa; Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak lehiaketan laguntzen du.

Lehiaketaren kudeaketa eta garapena aurrera eramateko, batzorde bat sortzen da honela osatuko dena: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren bi ordezkari, eta Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren ordezkari bat.

Parte har­tzai­leak:

Lehiaketan parte hartu ahal izango dute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardotegien erregistroan inskribatuta dauden sagardotegiek.

Parte hartzen duten enpresek Gipuzkoan kokaturik egon behar dute, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Industrien Erroldan izena emanda; horrez gain, Botilaratzaile Erregistroa eta Osasun Erregistroa eduki behar dituzte.

Parte hartzen duten sagardotegiek bertan egindako sagardo naturalak botilaratuta aurkeztu beharko dituzte, eta, aldez aurretik, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen kalifikazioa jaso duten sagardoak izango dira.

Lehiaketara aurkezten diren sagardo guztiek 2019ko uztakoak izan behar dute. Dagozkien etiketa eta zenbakia eramango dituzte, eta lehiaketara aurkezten diren loteen trazabilitatea Kontseilu Arautzailearen bidez bermatuta egongo da.

Ezinbestekoa izango da, gutxienez hamabi sagardotegi inskribatzea lehiaketan parte hartzeko. Baldintza hau betetzen ez bada, saria hutsik geratuko da.

Eskaerak onar­tze­ko baldin­tzak:

  1. Deialdi honetan parte hartzeko interesa duten sagardotegiek, eskaera eredua behar bezala beteta aurkeztu beharko dute, oinarrien eranskinean datorrena (Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratuko dira). Eskaera horretan, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturari baimena emango zaio lehiaketan parte hartzen duten laginen trazabilitatea egiazta dezan.
  2. Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardoak bakarrik onartuko dira, baldin eta araudi aplikagarrian eta oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
  3. Deitutako lehiaketaren ondorioetarako, ez da onartuko inolako sagardotegirik, gaiaren gainean eskumena duten organoek ebazpen irmoaren bitartez isuna jarri diotenik.

Laginak jaso­tzea:

Lehiaketak kalitatezko sagardoa egiten duten sagardotegiak saritze aldera, parte hartzen duten sagardotegiek, lehiaketarako, lagin bat aurkeztu beharko dute (Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren babespekoa) eta lote zenbakirekin identifikatua.

Sagardotegiak adieraziko du lehiaketara aurkezten duen sagardoaren kalifikatutako lotea. Dagozkien sagardotegietan, laginak jasoko dira (6 botila), botilaratuta eta etiketatuta daudenean (lote zenbakiarekin). Partidaren lote zenbakia Jatorri Deituran dauden datuekin egiaztatuko da, eta jasotzearen akta jasoko da, non aurkeztutako loteari dagozkion litroak jasota geratuko diren.

Sagardotegiak lote horren beraren beste 12 botila aurkeztu beharko ditu, lotea antolakuntzak aldez aurretik prezintatu duena, litekeena delako sari banaketako ospakizunean erabiltzea.

Lagina jasotzeko aurreikusten den data 2020ko apirilaren 30a arte luzatuko da.

Dastaketa Epaimahaia:

— Analisi fisiko-kimikoa. Lehiaketan aurkeztutako lagin guztiei analisi fisiko-kimikoa egingo zaie Laborategi, Kalitate eta Nekazaritza Berrikuntzako Zerbitzuan (Fraisoro). Betetzen badute agintzen duena 72/2017 Errege Dekretuak, otsailaren 10ekoak, sagardo naturalaren eta sagardoaren kategorien kalitate araua onartzen duenak (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 44 zk., 2017ko otsailaren 21ekoa), eta gainera, glukosa + fruktosa maila 5 g/l edo gutxiago badute, dastaketa organoleptikoaren fasera pasako dira.

— Dastaketa organoleptikoa: fase honetan, dastaketa epaimahai bat egongo da, epaimahaiburua izanik Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatua edo ordezkatzen duen pertsona; idazkari lanak Departamentuko funtzionario batek egingo ditu, Antolaketa Batzordeko kidea denak, hitzarekin baina botorik gabe. Urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina lortuko duten sagardoen balorazio organoleptikoa egiteko Fraisoroko Sagardoaren Dastaketa Paneleko kideaz baliatuko da (ENAC erakundeak egiaztatuta). Panel honetan partaide diren sagardogileek ezingo dute lehiaketa honetako balorazio organoleptikoan parte hartu. Bestalde, urrezko domina ateratzen duten sagardoen artean txapelduna aukeratzeko (dirutan emandako saria jasoko duena), horretarako eratua izango den dastatze panel batek dastatuko ditu. Azken hau 6 katatzailez osatua izango da, eta erdiak, Fraisoroko Dastatze Paneleko kideak izango dira, eta beste hiruak aurkezten diren sagardogile bakoitzak proposaturiko hautagaiak izango dira. Boto gehien jasotzen dituzten lehenengo hirurak izango dira Epaimahaiko kide.

Dastaketa prozedura «Sagardoaren dastaketa panelaren zentzumenezko analisiak egiteko metodoa» erabiliz egingo da, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak onartua eta baietsia baita.

Dastaketetan, dasta proba itsuaren prozedura erabiliko da.

Epaimahaiaren erabakia:

Dastaketa fasean, aurkeztutako sagardo desberdinen laginak puntuatuko ditu Epaimahaiak.

Lehiaketara aurkeztutako sagardoak dastatu ondoren hauek lortu duten puntuazioaren arabera sailkatuak izango dira: 72 puntu edo gehiago lortu duten sagardoak urrezko domina lortuko dute; 65 puntu edo gehiago eta 72 puntu artean sailkatuak diren sagardoak, zilarrezko dominak lortuko dituzte. Aldiz, 60 puntu edo gehiago eta 65 puntu artean lortzen dituzten sagardoek brontzezko dominak lortuko dituzte. Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten sagardotegiek ez dute saririk jasoko.

Urrezko domina lortzen dutenen sagardoen artean sagardo txapelduna aukeratzeko, horretarako prestatu den dastatze panelak berriro dastatuko ditu. Puntuaziorik altuena jasotzen duenak sagardotegi irabazlea hautatuko du. Bi laginen artean puntuazio berdina suertatuko balitz, lagin horiek berriro dastatuko lirateke. Ondoren, ordura arte ateratako puntuazioen batez bestekoa aterako litzateke berdinketa hautsiz.

Sagardo lehiaketaren prozesu osoan, beti gordeko dira anonimatuan sagardoak eta parte hartzaileak.

Epaimahaiaren erabakia apela ezina izango da.

Aurkeztutako lagin bakoitzeko botila bat Laborategi, Kalitate eta Nekazaritza Berrikuntzako Zerbitzuan (Fraisoro) gordeko da, balitekeelako Epaimahaiak egiaztapenak edo analisiak eskatzea, oinarri hauek betetzearen ondorioetarako.

Sariak:

Lehiaketan saridunak geratzen diren sagardotegiei honako sari eta garaikurrak emango zaizkie:

— Lehenengo saria: 3.000 euro, txapela eta garaikurra.

— Oinarri hauetako 7. puntuan jasotzen den moduan, lehiaketa honetan sarituak diren sagardogileei, urrezko, zilarrezko edo brontzezko zigilu akreditagarri bat erabiltzeko aukera eskainiko zaie. Zigilu hau Euskal Sagardoa Jatorri Deitura duten sagardoetan bakarrik erabili ahal izango da, eta, beti ere, Lehiaketa honen antolakuntzak ezartzen dituen ezaugarriak errespetatuz.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, saritutako sagardotegien sustapen lanak egingo ditu, Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN lehiaketaren sarituak argitaratu eta urtebeteko epean.

Sariak emango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuaren foru aginduaren bidez, eta Gipuzkoako ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratuko dira.

Sari banaketa, horretarako deitutako eta antolatutako ekitaldi baten bidez egingo da, ekainaren 12aan, eta behar dituen transzendentzia eta solemnitatea emango zaizkio.

Lehiaketan parte hartu duten sagardotegi guztiak gonbidatuta daude sari banaketen ekitaldira, eta hitz ematen dute sagardotegiaren ordezkari bat bidaliko dutela sari banaketaren ekitaldira

Interpretazioa:

Ahalmena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuko foru diputatuari, «XIX. Sagardo Lehiaketa, Gipuzkoako Foru Aldundia Sariak» izeneko lehiaketa aurrera ondo eramateko beharrezkotzat jotzen dituen xedapen guztiak emateko, baita, beharrezkoa balitz, oinarrien interpretazioan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko ere.

—-

Agindua PDF formatuan eskuratu
Iturria
: Gipuzkoako Foru Aldundia